XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ikusten genian Venezia amestu hartan.

Kartoizko ametsak hituen haiek.

Txominek. - Baliteke, baina sinisten merezi zutenak.

Oso ondo gogoratzen ere nauk umeak nola egiten diren azaldu hidan egun hartaz.

Hire zakila atera ondoren, gogor ipini huen eta handik haur txiki txikiak ateratzen zirela esan hidan.

Gero emakumeen barruan sartzen zirela haur txiki hoiek eta nahiz eta gehienek barrunbe hoietatik ihes egiten zuten besoetarantz abiatzeko bat edo beste barruan gelditzen zirela gaineratu huen eta handiagoak egin ondoren berriro kanpora ateratzen zirela haur bihurtuta.

Imanolek. - Eta hurrengo egunean proba egin nahi izan genian Pedroren alabarekin, han gailurreko pinudian, baina, zorionez, perretxikoetara ihesi ziaten gure haur txiki guztiek eta ez genian semerik izan.

Harrezkero, ia egunero henbilen hire haur txikiak sakabanatzen.

Nano franko ibili huen, bai, perretxikoetan urte hartan.

Berdin segitzen al duk?

Txominek. - (Barretsu). Ez.

Aspaldi aspertu ninduen joku hoiekin.

Emakumeekin probetxu handiagoko jokuak egin nitzakeela jakin nian berehala.

Baina, ni emakumeentzat dirua nauk.

Imanolek. - Sar iezazkiek, bada, hogeidurokoak haur txikien partez.

(Txominek barre egiten du)

Nik ez diat horrelako arazorik.

Txominek. - Baliteke.

Baina hik esandakoaren ostera, betiko hau ez huen beti hain barretsu izan.

Ez eta horren atsegina ere.

Begira! Entzun!

Hi pianoa jotzen ari hintzen behin etxeko aretoan, oker ez baniagok Chopinen 47. Mazurka.

Ordu oro jotzen huen pieza aspergarri hura eta dirudienez zarata gehiegi atera nian aretora sartzekoan.

Dena izorratzen nuela eta alfer bat nintzela oihukatu hidan beste zenbait irainen artean.

Txominek. - Urduri egingo ninduen. Pianoak...

Imanolek. - Beti egoten al hintzen urduri?

Ze, horrelako irainak barra-barra ateratzen hituen hire ahotik nire kontra.

Guztia zera huen, nik hik haino guttiago balio nuela garbi uztea.

Txominek. - Anekdotak.

Nik ere baditiat hireak kontatzeko.

Gogoratzen al haiz kontserbatorioko gutun hura ezkutatu hidanean.

Bertan kontzertu bat eskeintzen zidaaten, eta nire ordez beste bat hartu zutenean bakarrik jakin nian gertatutako guztia.

Hire aldetik, berriz, dena zera huen, nik egiten nuen guztia mesprexatzea, nik hasten nituen gauza guztiak suntsitu behar izatea.

Imanolek. - Eredu txarra hintzen niretzat.

Hain ona gauza guztietan...!

Txominek. - Eta beldur hintzen ea aitaren maitasuna kenduko ez ote nian.

Imanolek. - Ez, aita zigortu nahi izaten nian hire bitartez...

Txominek. - Gure aitari ezer inporta balitzaio bezala nire arrakasta edo nire porrota!

Imanolek. - Norenak axola zioten orduan?

Txominek. - Hireak. (Isilaldia).

Nik edozer gauza egin nezakean, bere asmoetan nondik erori nintzen jakin ez zekien puntu bat nintzenez gero.

Behin, hark nirekiko zuen sentimendua probatzeko, gizon bati idatzitako itxurazko maitasun eskutitz bat utzi nioan berak hura derrigorrez ikusi beharko zuen leku batean.

Jaso, eta berak itzuli zidan eskutitz faltsu hura, eta begiradan igerri nioan irakurri zuela.

Ez zidan ezer esan, baina tolerantzi hartan nik indiferentzia somatu nian.

Gutxi inportako zitzaiokean nik monja komentu batean sartzeko apeta edo zirku batean pailasoarena egitekoa eduki izan banu ere.

Gure aitarentzat nik hire erdia balio nian.

Eta zer esanik ez gure amarentzat.

Imanolek. - Hori ez duk egia.

Txominek. - Hiretzat bakarrik hituen guztion sentimenduak.

Imanolek. - Bada ez nitian nahi.

Txominek. - Oso ondo disimulatzen huen orduan!

Hobe bai nahi izan ez bahituen, bada horixe huen nik bihotz beroz desiratzen nuena, hau da, heuk inor, eta guztion gainetik aita, ez maitatzea, honela gure bakardadean biok elkartuta gera gintezen.

Zoratu arte maite hituen ordea, ni, aldiz, (...).